2008/09/15

Urrian Trans (Hurrengo Manifestazioa URRIAK 11) [MANIFESTUA]

EZ GIZONAK EZ EMAKUMEAK, BINARISMOAK GAIXOTZEN GAITU



Gaur hemen elkartu gara pertsona trans eta intersexualok bizi dugun bortxaketa, gizarte bazterketa eta ezegonkortasun egoera salatzeko eta gure eskubideak aldarrikatzeko. Pertsona autonomo eta geure gorputzen jabe gisa identifikatzen ditugu geure buruak. Zentzu honetan, gure identitateak kontrolatzeko gobernu erakundeek geure bizitzak paternalizatzeko sistemak eraikitzen dituztela uste dugu, nagusi diren gizon-emakume ereduei doitzeko helburuarekin.

Horrela, Genero Disforia diagnostikoa izatera behartzen gaituzte, gaixotasun mental bat dena. Diagnostiko hori mediku-psikiatra komunitatearen herraminta da gure kontrolerako. Ironikoki, diagnostiko hori lortzeko, hau da, gaixo mentalak bezala tratatuak izateko, mentalki osasuntsuak egon behar dugu. Izan ere, eskizofrenia edo trastorno bipolarra bezalako gaitz mentala duen pertsona bati ezin zaio diagnostiko hau egin eta horrek agirietan izena eta sexua aldatzeko burutu beharreko mediku-prozesua jarraitzea galarazten dio pertsona horri.

Patologizatuak izan ostean Legediak tratamendu hormonal bat ezartzen digu gutxienez bi urtez, epe honetan geure bizitzak monitorizatuak izango direla “gizon” edo “emakume” bati dagozkion aurreezarritako jokabideekin erantzuten dugun ikusteko. Prozesu horren ondoren gure ordez beraiek erabakitzen dute agiri ofizialetan izena eta sexua aldatzeko egokituak gauden ala ez. Bi urte hauetan zehar mota guztitako diskriminazioak pairatzen ditugu lanean, gizartean… gure bizitzak ezegonkortzen dituztenak, mediku-tratamenduek gure ugalketarako eskubideak kentzen dizkigutela nahi edo ez esterilizatuz.

Prozesu hau guztia gizartean nagusi den generoaren binarismoaren ondorioa da, horrela gizon edo emakume kategoriatan sartzen ez diren pertsonak baztertuak direla. Bakoitza zer izan nahi duen aukeratzeko eta erabakitzeko askea izan dadin nahi dugu. Ematen zaizkigunak baino aukera gehiago dago eta norbere burua definitzeko, adierazteko, maitatzeko, jarduteko… aberastasun horrek anitzagoak egiten gaitu.

Era berean, dikotomia honek pertsona intersexualak ikustezin egiten ditu, jaiotzetik gure gorputzen gain medikuek esku hartuz gizon edo emakume bat izan behar denera doitzeko, bortxatuak garela eta gure gorputzekiko gozamen eta kontrol gaitasuna ebasten digutela gure onespenik gabe.

Honengatik guztiagatik, sistemak inposatzen digun askatasun falta kritikatzen dugu, eta aldarrikatzen dugu:

1. Gaixotasun mentalen gidaliburuetatik Genero Disforia desagertu dadila.
2. Tratamendu hormoletara eta ebakuntzetara sartze askea, tutoretza psikiatrikorik gabe.
3. Intersexualei inposatutako normalizazio prozesuen etetea.
4. Gure agiri ofizialetatik ezertarako balio ez duten sexua bezalako datuen kentzea.
5. Pertsona transen gizarteratzea babesten eta laguntzen duten legeen sustatzea.

Bertako exijentziak:

1. Osakidetzaren lehen artatzean erabateko hobekuntza, Gizarte Segurantzan tratamendu eta ebakuntzen sartzearekin.
2. Eusko Jaurlaritzan Generoaren Sail espezifiko bat sortzea, pertsona transak eta euren eskubideak babesteko.
3. Gure errealitateen sartzea hezkuntza planetan.

Esanez ez garela ez gizonak ezta emakumeak ere adierazi nahi dugu sistemak trastornatu gisa definitzen gaituenean agerian uzten duela gure bizitzak direla sistema bera trastornatzen dutenak. Horregatik diogu gaixotasuna ez dagoela gugan baizik eta generoaren binarismoan.
Ez gizonak ez emakumeak, binarismoak gaixotzen gaitu!

Bilbo, 2008.eko urriaren 11a
Europa mailako deialdia: A Corunha, Barcelona, Bilbo, Bruselas, Donosti, Gasteiz, Lisboa, Madrid, Paris i Zaragoza.

No hay comentarios: