2010/04/15

Zonbien Lurraldea

Lurralde gris eta desertiko batean, non ez belarrik ez zuhaitzik  ez ziren ikusten, zonbi komunitateak bizi ziren. Hauek beti ipar barik mugitzen ziren handik hona eta hemendik hara, triste, haserre, lagunik ez balute bezala. Ehun milaka zonbi mugitzen ziren euren artean hitz egin gabe, aurrekoari jarraituz, beste bat euren artetik gurutzatzerakoan bakarrik norabidea aldatuz. Euren etxeetara heltzerakoan elikatu beharra zeukaten, horretarako telebistako programazioa irensten zutelarik, horrek esaten zuena pentsatu barik ikusten.

Egun batean, zonbi haietako bati, aurrekoari lurralde desertiko eta gris horretatik jarraitzen zuelarik, automata ilera horren ondotik soinu batzuk heldu zitzaizkion belarrietara. Aurretik inoiz entzun ez zituen zarata beldurgarri batzuk ziren. Alde batera eta bestera begiratu eta lore arrosa bat ikusi zuen, zurtoin berde eta petaloen erdian hori kolorea ere ikus zezakeelarik Bat bateko ikuskizun lazgarri hark izutu eta ilaratik ateratzea eragin zion, momentu horretararte ikusiak ez zituen kolore haiek zer ziren ulertzeko asmoz. Gerturatu zenean lorearen beste aldean zarata horien erruduna antzeman zuen, zonbi seme-alaben antza zuen nonbait, baina aurpegian koloreak zituen eta mueka arraroak egiten zituen zarata izugarri horiek bere ahotik ateratzen zirelarik lorea begiratzen zuen bitartean. behin eta berriz "kar, kar, kar" entzun zezakeen. Eta gero eta beldur gehiago sentiarazten zion soinu hark.

Arratsalde hartan, etxera heltzerakoan, telebista piztuta zegoelarik, han entzun zuen berria: "Zonbien lurraldea, ezagutzen dugun moduan desagertzeko arriskuan jarriko duen gaixotasun  bat harrapatzen hasi dira gure haur batzuek, inguruan hazi berri diren "lorea" izeneko infernuko izaki beldurgarri bat dela medio. Gure haurrak "barrea" deritzogun oihuak egiten hasi dira, beste zonbitxo batzuk kutsatuz. Hori ekiditzeko, bihartik aurrera ikusten dituzuen lore guztiak zapaldu eta suntsituko dituzue". Programa ezberdinak eman zituzten, beti piztuta zegoen telebistan, gau osoan zehar gai berdinaren inguruan.

Hurrengo egunean, etxe inguruetan, polinizazioa zela medio, lore gehiago eta barre egiten zuten ume gehiago zeuden. Batzuen etxeetan falta ziren seme-alabak ziren loreekin alai zeudenak. Zonbi helduek, telebistari so eginez, lorak zapaltzen eta deusezten hasi ziren; baina, segituan ohartu ziren lore zapaldu bakoitzeko, irriaren isiltzearekin batera, haur bat hilik lurrean uzten zutela. Hala ere, zonbi nagusi batzuek jarraitu zuten lorak zapaltzen eta euren geroa ziren umeak, loreekin batera, erailtzen. Dena den, gutxien batzuek baziren ere, euren seme-alabei zieten amodioagatik edo, loreekin bizirik mantentzen bazuten eurentzat geroa ziren haurren barreen zergaitian pentsatzen hasi ziren. Eta, gainontzeko zonbiei, aurre egiten hasi ziren, gelditzen ziren lorak defendatuz eta, horiekin batera, gero ezberdin eta koloredun bat bermatuko zutelakoan.

Horrek, zonbien lurraldearen eraldaketa eta, horrekin batera, zonbi automaten espeziea galtzea zekarren arren. Umeak, horien nahia eta poza zirela euren ondorengoa konturatu zirelarik, euren heldu zimel aurpegiak aldatzen hasi eta irria zer zen ikusi eta gozatzen ikasi zutelarik euren haurrekin batera.

No hay comentarios: