2008/12/18

Olentzerori Gutuna

Egunon Olentzero;

Koldo dut izena eta ez naiz bat ere ona izan ikasturte honetan. Ziurrenik, ezin esango nuke, ona izan naizenik aspaldiko urteetan ere. Beitu, egia esan behar badut nire bizitza guztian ona izan naizenik ezin izango nuke ziurtatu, baina zu mezu hau irakurriko duzulakoan nagoenez, oso ona omen baitzara, idazten dizut.

Betidanik, gurasoek, irakasleek, aldamenekoek, esan izan zidaten ona izan ezean ez nukeela Olentzerorako oparirik jasoko. Ez omen zuten oso listoi altua jarri, zeren urte batetan ere etzinen etxean faltatu. Are gehiago, aitaren sindikatuak lanean greba ia urte batetan luzatu zutenean ere, gauza txikiagoak baziren ere, hara gerturatu zinen. Horregatik, esan nahi dizut ez dizudala ezer leporatu nahi, ez da hori nire gutunaren arrazoia.

Ni, kostata bada ere, esan nahi nizun badela garaia lana beste batzuei uzteko. Ez dakit nola dabilen zure lan konbenioa, baina jubilazioak aspaldi asmatu ziren, eta zu izan behar duzu jadanik adin bat non hobe zenuke hurrengokoei lana utzi, batez ere krisia nola datorren ikusita.

Behin, azaldu zidatenean ez zinela esistitzen, benetakoa ez zinela, umeentzako ilusio bat baizik (nahiz eta zu eta biok dakigu hori egia ez dela), nahiko galdurik geratu nintzen. Zer egin genezake pertsonok Olentzero gabe? Zahartasunean jubilatu omen zinen gure etxean baina, nire ikasleei entzun diedanez azkeneako egun hauetan, jardunean jarraitzen duzu. Beraz, ezin egia izan, jubilatzearena. Ziurrenik, harrezkeroztik jakingo duzu hain ondo portatzen ez naizela eta ez zara nire etxetik pasatzen... beno hori edo etxez aldatu dudala. Egunen baten deitu eta helbidea emango dizut.

Ez dakit, baina dena dela ere, momentu hartan jubilatu ez izana ez da nahikoa argumentu oraingoan ez jubilatzeko. Bai, egia da, lehen esan dudan bezala ilusioa dakarzula umeei eta etxeetan sortzen den giroaren bitartez, baita gurasoei ere; baina, urteak pasata ikusten dut (eta esan behar dut ondorio horretara heltzea kostatu egin zaidala) umeek edozein gauzarekiko ilusioa izan dezaketela, segun eta helduok nola planteatzen diegun gauza hori. Beraz, ez dut oso ondo ulertzen zertarako eduki behar ditugun umeak zure zain urte osoan zehar, gero, urte batzuk pasata, dena gezurrezkoa zela azaltzeko eta urte horietan urasoek engainatu egin dituztela ulertarazteko. Hori, luzarora, ezin ekar dezake gauza onik.

Beno Olentzero, zure erantzun publikoaren zain gelditzen naiz. Aurten etxeetatik pasatzen ez bazara idaztea ere ez duzu beharko, ulertuko dut. Baina erakutzi iezaiezu gurasoei, lehenik, zu ez bestetan ilusio berdina jartzen.

Musu Handi Bat

No hay comentarios: