2009/05/21

Tronpikon eta Kaskarretaren arteko liskarretan aurkitu nintzenekoa

Udazkeneko egun batean, hotza hezurretaraino sartzen zaizun horietako batean, nire burua Tronpikon herritik hurbil dagoen magal batean aurkitu nuen. Bertan mila bat lagun zeuden elkarri harriak botatzen bi taldetan banaturik. Batek azaldu zidanez Tronpikon eta Kaskarretaren artean zegoen harizti bategatik ari ziren borrokan. Antza zenez ez ziren ados jartzen lurralde horren jabegotasunaz.


Eguerdia, arratza eta gaua pasatu zuten etengabe harriak elkarri botatzen. Magal horretatik, bai alde batera baita besterantz ere, ehun lagun baino gehiago ikusi nituen, zauriturik, anbulantziaz ospitalera eramaten. Zer nolako ikuskizun tamalgarria. Harizti bat baino ez zen eta eurak horregatik borrokatuz. Laguntzeko prest nengoen eta, nola ez, batzuei zein besteei eskaini nien nire laguntza, baina batak zein besteak ukatu egin zuten. Antza zenez atzerritarren laguntzarik ez zuten onartzen harizti hori euren herri nortasunaren parte baitzen. Horrela izan behar zuen ni ez bainuen ezer ulertzen.


Gaueko ordu txikiak izan behar zuten ni erdi lo bainengoen, konturatu nintzenean guda moduko horretan emakumezkorik ez zegoela. Etzanda nengoen pagoaren, agerian zeuden sustraietatik altxatu eta zaurituen Kaskarretako ospitalera zeramaten zauritu bati galdetu nion fenomeno horren zergatia. Tipoak, lotsatu barik, Kultur etxean beste herriko emakumeekin hitz eginez saiatzen ari zirela herrien arteko arazoa konpontzen, baina eurentzako hitzetatik konponbiderik ezin etor zitekeenik pentsatzen zutela, erantzun zidan. Su eta lur utzi ninduen, beste konpontzeko modua bilatzen zutenei entzungor egin eta elkarri zaurituz jarraitzen zuten. Noraino heldu daiteke gizakiaren mozolokeria?


[...]

No hay comentarios: