2009/04/16

Harriturik bizi zen bat ezagutu nuenekoa (Ipuina)

Zubi bat igaro ondoren, eguzkia zerutik nire larruzko arropa beltza kiskaltzen zuelarik, gelditu nuen motorra; errekaren ondoan eta zuhaitzez inguraturiko erretegi batzuen ondoko errepideko taberna batera sartu eta alkoholik gabeko garagardo bat eskatu eta kanpoko gerizpean zegoen bankuetako batean eseri nintzen. Bankuaren beste aldean tipo bat zegoen, ahoa eta begiak zabal zabalik, aurrera begira. Oso pertsona bitxia zen.


Bat batean, altxatu eta errekarantz joan zen. Eskuak aurrerantz luzatu, bere buruarekiko zerbait esan eta burura eraman zituen. Ni, bitartean, tragoa edaten jarraitzen nuen bankuan. Eskuak buruan zituela, bankurantz gerturatu zen berriz ere; begiratu ninduen goitik behera eta behetik gora, zu eta lur jarraitzen zuen, beltzez jantzitako gazte bat aurretik inoiz ikusi ez balu bezala. Begietara begiratu nion, ez zen bere aurpegian, ez begietan ere tentsio kutsurik sumatzen. Guztiz kontrakoa. Miresgarritasun aurpegia zuen gizontxo xelebreak marmarka hasi zen begiak distiraz beteak nire janzkeraren zehaztasun guztiak aztertzen zituen bitartean. Une batez pentsakor gelditu ondoren errepiderantz zuzendu zuen bere harritu aurpegia. Antza zenez motorra ikusi zuen, gaua bezain beltza eta lerro distiratsuak, izarrak gau ilunean distiratzean osatzen dituztenak bezalakoak, eta beste barik harantz korrika hasi zen. Ez dakit ustekabean harrapatu ninduelako izan zen, baina gorputz guztia dardarka hasi zitzaidan eta bat-batean zutitu nintzen, bitartean eskuak indar gabe baleude bezala gelditu eta garagardoa eusteari utzi zioten. Gorputza mugitu ezinik begiak lurrera zuzendu eta botilatxoa zoruaren aurka birrindurik zegoela ikusirik, berriro altxatu eta tipoari begira gelditu nintzaion, egingo zuenaren beldurrez.


Burumakur bankurantz zetorrela eta motorra ni utzitako moduan zegoela ohartu nintzen orduan, eta beste barik, beste trago baten bila sartu nintzen eguneko beroak sortu zidan egarria lasaitzeko esperoan. “zenbat jarriko dizkizut?” galdetu zidan tabernariak. Atetik irten eta bietako bat eskaini nion. Eskaintzen niona begiratu eta irribarre egin zuen “moltas graçias” zioen bitartean. Luzaroan egon ginen hitz egiten, eta esan zidanez Katalunian jaioa zen eta aurkitu ginen leku hartara heldu zen momentutik, baziren jadanik bost urte, ezin izan zuen alde egin. Azaldu zidanez bera enpresa bateko buruzagia izan omen zen, eta beti omen zebilen leku batetik bestera negozioak egiten; baina egun batean, Bilbora tratu bat ixtera zihoala, taberna horretan gelditu zen deskantsatzeko asmoz. Hain zen lasaia non bere zereginetara itzultzeko gogorik ez zuen izan, eta bertan gelditu zen hain txundigarria zen lasaitasunaz hausnartzen.

No hay comentarios: