2009/04/29

Hemizikloan Agertu Nintzenekoa

Nire bizitzan zehar egindako beste bidai batean, inolako ibilgailurik beharrezkoa ez den bidai horietako batean, nire burua diputatuen hemizikloan aurkitu nuen. Hemizikloa jendez gainezka zegoen ilargi erdiko itxura zuen aulki pilaketa bat zen. Bertan biltzen ziren pertsonak telebistatik ikusten ditugun politikari horietakoak ziren. Herri guztiko ordezkariak ziren, haiek gai konkretuen inguruan hitz egiten zuten, txandaka; baina entzuten momentu bat jagon ezkero, bazirudien bakoitzak, bere txandan, gai ezberdin bati buruz hari zela berbetan.


Orduak eman nituen haiek erraten zutenari so eginez eta ohartu nintzen bertan botatzen ziren ideiak, behin eta berriz errepikatzen zirela, batek beste bati galdera bat egin eta bigarren honek zer ikusirik ez zuen beste gauza bat erantzuten zuela. Hantxe inortxok ere ez zuen beste inor entzuten. Herritarrak etxeetan diru apurrak zenbatzen, hilabete amaierara nola helduko pentsatuz eta hauen zergetatik soldata jasotzen zuten politikari dirudunak, bitartean, denbora galduz, euren errepresentatuen interesei so egin gabe. Hiritarrak, eurak, dituzten arazoak zeintzuk diren galdetu beharrean... hau da, auzo soil eta arrunt batean edonork zailtasunik gabe, minutu batean, erantzun lezakeen galdera planteatuz gero; hau egin beharrean, politikariak bukatu eta konpon ezinezko arazo konplexu eta ulergaitzei planteatzen diete konponbideak. Errealitate sozialetik at daudela pentsa dezakegu, baina ez da hala, gertatzen dena da gure lepotik kobratutako soldata horiekin haien errealitate soziala ezin izan daitekeela gurearen berdina izan, eta, ondorioz, ezin planteatu dezakete haien interes ekonomikoen aurkako eztabaida politikorik.


Guzti honengatik haien artean egon ondoren herriko nire plaza heze eta labainkorrera, bertako jendartera eta umeak oihuka eta jolasean gure inguruan dauden lekura, itzultzea erabaki nuen. Umeen jolas eta oihuekin, pertsona adinduek plazako bankuak okupatzearekin eta lurreko harriak daukan hezetasun eta labainkortasunarekin ez da jagoteko leku erosoena, baina, behintzat, denok hitz egin zein entzuteko aukera badaukagu eta egunean egunean sortzen zaizkigun arazoak elkarrekin konpondu ditzazkegu.

No hay comentarios: